Ua Pl En
Brava Gilda

Brava Gilda

Verdiren Rigoletto

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa

Aurrera doa Operaren Lagunen Bilboko Elkartea aurtengo zikloarekin, eta zikloan bertan hain garrantzitsua den Tutto Verdi proiektuarekin. Irailean Giovanna d'Arco-ren txanda izan zen, oso ezaguna ez den titulu eder bat, eta urrian, aldiz, maisu italiarraren lan famatuenetako bat: Rigoletto. Nork ez du noizbait tararatu La donna è mobile aria hiperfamatua? Ba, opera honekin, musikaren hit-paradeko top-ten guztiekin gertatzen den bezala, edo zoragarri, edo penagarri. Baina zortea izan dugu, eta, benetan, OLBEk ekarritako bertsioa primerakoa izan zen, batez ere bakarlariengatik. OLBEk eta Lisboako Sao Carlos Antzerki Nazionalak egindako produkzioa txukuna izan arren, ez zen emanaldiaren onena. Soiltasuna askotan txalogarria da, baina soiltasunaren eta pobreziaren arteko muga oso fina izan daiteke, eta kasu honetan gauza gutxi esan daiteke eszenografiari buruz: argiztapena ondo, jantziak ere bai, besterik ez. Inpaktu bisual pittin bat faltan bota genuen. Halere, bertute musikalak dastatzeko aukera izan genuen, sobran. Eta horretan zentratuko naiz.

Miguel Angel Gomez Martinezek graziaz zuzendu zuen Bilbao Orkestra Sinfonikoa. Gure artean ezaguna eta maitatua den zuzendari honek (duela urte dexente Euskadiko Orkestraren zuzendari titularra izan zen) taxuz eraman zuen batuta (nahiz eta batzuetan adore gehiegirekin, estali egiten baitzituen ahotsak). Bilboko Operako Abesbatza ere fin. Baina luxuzko bakarlariak izan genituen. Elena Mosuc soprano errumaniarrak Gilda paregabea oparitu zigun. Delikatua, sinesgarria, interpretazioaren aldetik; eta oso egokia bere ahots tesiturarengatik. Menderatzen du pertsonaia bokalki, eta horrek ematen dio askatasuna bertsio freskoa emateko. Txalo eta bravo ugari jaso zituen, oso mereziak. Halere, Mosuc saioaren izarra izan arren, aipamen berezia egin behar zaio Ismael Jordi tenorearen aktuazioari, Duca di Mantova pertsonaian. Distiratsua izan zen bere interpretazioa uneoro. Alfredo Kraus-en ikaslea izan zen eta nabaritzen zaio, asko. Emisio dotorea, ahots gozoa erregistro guztietan (ze pena justu La donna è mobile ariaren azken notan ateratako kiboa). Eta, dena esan behar bada, akats gabeko presentzia du taula gainean edozein galairen rola irudikatzeko. Perfektua. Bestalde, Leo Nucci, Rigolettoren rolean, sendo aritu zen, sakontasuna eman zion pertsonaiari. Eta Iryna Zhytynska mezzoak (María José Montiel-en ordez, azken honek istripu bat izan zuelako 22an izandako emanaldian) Maddalena ederra egin zuen, nortasun handikoa.

Saio txalogarria, beraz.

Verdiren Rigoletto

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa.

Zuzendaria: Miguel Angel Gomez Martinez.

Bilboko Operaren Abesbatza.

Zuzendaria: Boris Dujin.

Eszena-zuzendaria: Emilio Sagi.

Bakarlariak: Elena Mosuc, Leo Nucci, Ismael Jordi, Iryna Zhytynska.

Lekua: Bilboko Euskalduna Jauregia.

Montserrat Auzmendi

fot. Malgorzata Chrastek